Nortzuk gara

Zer da EKT?

 

Ekonomia Kritikoko Taldea (EKT) Sarrikoko ekonomia eta enpresa zientzien fakultatean ikasle talde batek sortu dugun taldea da. Taldearen izenak argi dioen bezala, gaur egungo ekonomia eredua kritikatzea dugu helburu eta honekin batera gure fakultatean irakasten dena kritikatu eta aldatzea. Ikasleok orain dugun funtzioa irakasleak esaten duena zalantzan jarri gabe irenstea da eta guk argi dugu gure ikasketa prozesuan ikasleok subjektu aktibo izan behar garela.

Lan teoriko bat ematen badu ere ezinbestekoa da ikasitako edukiak oinarri moduan hartuta guk nahi dugun sistema eraikitzeko baliatzea, hau da bai klasean zein klasetik kanpo ikasitako guztia mundu hobe bat eraikitzeko erabiltzea.

Etorkizuneko enpresari eta ekonomialariak izango garen heinean eta egungo egoera ikusirik, argi dugu egoera honi buelta emateko erantzukizuna gurea dela. Erantzukizun hori gure eginez, beharrezkoa ikusten dugu gure fakultatean ikasle kritikoak sortzea.

Ez dugu zalantzarik egungo sistemak miseriara kondenatzen gaituela, gure bizitzako esparru guztiak kutsatzen dituela. Kapitalismoa zilegitzeko besterik ez den fakultate honetan kontra-botere espazioa bihurtzea nahi dugu.

 

Nondik dator?

 

Orain dela urte batzuk, SIA (Sarrikoko Ikasle Asanblada) sortu zen fakultateko hainbat problematikari (euskara, ikas baldintzak, hezkuntza erreformak…) erantzuteko  helburuarekin, baina hilabetetako hausnarketen ostean asanbladako kideok, asanblada, Ekonomia Kritikoko Talde (EKT) bilakatzea erabaki dugu. Ekonomia Kritikoko taldea Sarrikoko  fakultatean zegoen behar handi batetik sortu genuen aurretik azaldu bezala, ekonomia ikuspuntu kritiko batetik aztertzeko eta garatzeko beharretik.

 

Zeintzuk dira EKTren helburu eta funtzioak

 

  • Gaur egun gure fakultatean irakasten dizkiguten edukiak kritikatu eta eraldatzea. Hau egiteko hitzaldi eta eztabaidez gain, kritikatzeko testu laburrak ekoiztea oso baliagarria izan daitekeela uste dugu.
  • Ekonomia arloan egunerokotasunean pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartzeko eta ikasteko espazioak zabaltzea.
  • Ekonomia ikuspegi kritiko batetik aztertzeko eta garatzeko beharra fakultatean txertatzea. Horretarako, ikasleen artean jarrera kritikoa piztea bilatuko dugu eta Gradu Amaierako Lana (GrAL) egiteko gaiak proposatuko ditugu.
  • Ikasleok ikasleontzako filosofiaren baitan gure hezkuntza proiektua eraikitzea (Herri Unibersitatea)
Advertisements